XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EAk autodeterminazioaren eskaera instituzioetara mugatzea eskatu du

HB eta ETAk beren estrategia aldatzeak kontsentsu politiko berria ekarriko lukeela dio

Carlos Garaikoetxea, EAko lehendariak, ETA eta HBri eskatu die beren estrategia berbideratu eta autodeterminazio eskaera instituzioetara eraman dezatela.

EAren ustez, horrek alderdi nazionalisten arteko kontsentsu politiko bat ekarriko luke.

P.A / DONOSTIA

Euskal Herriaren autodeterminazio eskubideaz Eusko Alkartasunak duen jarrera azaltzen duen agiria aurkeztu zuen atzo Carlos Garaikoetxeak Donostian.

Europako azken aldaketa politikoez ausnartu eta euskal kasuarekin duen antzekotasunaz hitzegiten du Euskal Herriaren bake eta autodeterminazioaren alde izenburua daraman dokumentuak.

Eskubide horren defentsan, euskal alderdi nazionalisten artean ekintza bateratua aurrera eramateak oztopo bat du Garaikoetxeak esan zuenez, estrategia desberdinak, biolentoa eta baketsua.

ETA eta Herri Batasunari eskatu zien oztopo hori ken dezatela beren estrategia biolentoa etenez, eta autodeterminazioaren erreibindikazioa instituzioetara eramanez.

Horren truke, EAk eskubide hori instituzio guztietan tinko defendatzeko konpromezua hartuko luke, eta gehiengoaren borondatea errespetatzea eskatuko luke Garaikoetxeak azaldu zuenez.

Euskal alderdi nazionalisten arteko negoziazio politikoa ere eskatzen du Eusko Alkartasunak, herri honetan kontsentsu berri bat lortzeko eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen onarpena ekarriko ligukeen hitzarmen politiko zabal batera bideratzeko.

ETA eta HBri dei egiten diegu gehiengo demokratikoaren ikuspuntua onartzera ekintza bateratua posible egiteko, aurretik alderdi guztien arteko negoziazio politikoa egonik, kontsentsu berria eta bakea lortzeko.

Baina elkarrizketa bultzatzeko ETAren ekintzen etenaldia eskatzen dugu dio EAren agiriak.

ERABAKIAK AZKEN MUTURRERAINO

Hau horrela izanik, gai honetan euskal instituzioek hartutako erabakiak errespetaraziko dituela esan zuen Garaikoetxeak, botere zentralak errespetatuko ez balitu beharrezko den gizalegearen eta bakearen muturreraino eramango ditugu instituzioen erabakiak.

Estatu espainiarreko alderdiei eskatu zien arau demokratikoak onartuz autodeterminazioa bezalako bidezko eskubide batera eraman dezaketen bideak onar ditzatela.

Autodeterminazioaren erreibindikazioak azpi gerra asko dakarrela dio EAk, baina inoiz ez zaiola horri estrategia biolentoen bidez aurre egin behar.

Ez dira justifikagarriak prozesua gizalegearen bidetik finkotasunez eramateko aukera dagoenean uste du.

EDOZEIN INIZIATIBAREN ALDE

Eusko Alkartasunako eskakizunak oihartzunik ez badu, Euskal Herriaren autoderminazio eta independentziaren aldeko iniziatibak apoiatuko ditugu edozein instituzioetan azaldu zuen Garaikoetxeak.

EAren estatutuek berezko estatua eratzea helburu duen autodeterminazio eskubidea jasotzen dutela gogoratu zuen EAko lehendakariak eta independentziaren aldeko iniziatiben alde azalduko direla.

Udaletan maila honetako proposamenetan HBrekin bat etortzea normaltzat jo zuen.

Bermeo eta Oiartzunen bat etorri bait dira bi alderdiak independentziaren aldeko mozioak onartzerakoan.

Edozein alderdirekin bat gatozela ere, eta beste alderdi politiko baten proposamena dela ere iniziatiba hauek onartuko ditugu, baina beti ere hiru baldintza betetzen baditu azaldu zuen.

Proposamenak biolentziaren apologia egitea litzatekeen elementurik ez edukitzea jarri zuen lehen baldintza bezala; arau demokratikoen aurka ez joatea da EAk egiten duen bigarren eskakizuna, eta azkenik, horrelako proposamen baten bidez instituzio demokratikoak onartzea eskatzen du EAk.

Bestalde, autodeterminazioaren aldeko kontsentsurik lortzen ez den bitartean, EAk ez du jarrera testimonialista eta partidistarik izango.

Euskal Herriaren edo Kataluniaren egoerak Baltikoko errepublikekin izan dezakeen antzekotasuna ukatuz Espainiako Gobernuak egindako adierazpenei erantzun zien baita ere Carlos Garaikoetxeak.

Nazionalitate desberdinak dira noski, eta Euskal Herria Lituaniarengandik desberdina den bezala, Lituania eta Kroazia ere kasu desberdinak dira.

Antzekotasuna herriok beren nortasuna gordetzeko duten eskubidean datza azaldu zuen.

Estatu espainiarreko Hitzarmen Autonomikoari buruz, ez dugu onartuko autonomia mugatu baten bidez elkarren artean zerikusirik ez duten egoerak berdintzeko saiakera bat egotea azaldu zuen.

EA euskal alderdien arteko kontsentsu berri bat negoziatzearen alde dago.